Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Hizkuntza aukera

  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • Whatsapp

Nabigazio-menura joan

Zabalik dira Basque Culinary World Prizeren 9. ediziorako izendapenak, ekimen eraldatzaileak dituzten chefak saritzeko

20 Martxoa 2024

Zabalik da, jada, Basque Culinary World Prize-ren 9. ediziorako izendapenen prozesua. Urtero banatzen den sari hau ekimen eraldatzaileak dituzten chefei zuzenduta dago, eta, 2024an, gastronomiaren ahalmen eraldatzailea indartu eta goraipatu nahi du berriro, baita haren irismena eta gizartean eragiteko gaitasuna ere. 

 

Mundu mailako aitorpen aitzindari hau Basque Culinary Centerrek eta Eusko Jaurlaritzak sortu zuten, eta jada bere sektorean ondo finkatuta dagoen sari berezi bat da. Talentuz, ezagutzaz eta sormenez betetako chefen lanean oinarrituta, gastronomiak etengabe erakusten du fenomeno biderkatzailea eta inspiratzailea dela mundu mailan. Izan ere, chef horiek positiboki eragiten diote hainbat alorri: zientzia, osasuna, berrikuntza, elikadura eta gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren garapena.

 

2023ko ekitaldia Turkian egin zen, eta orduko hartan garapen sozialaren eta biodibertsitatearen bidez sukaldaritzak integrazio kulturalerako izan dezakeen garrantzia azpimarratu zen. Aurten ere, Basque Culinary World Prizek gastronomiaren indar eraldatzailearen aldeko apustua egiten jarraitzen du, eta, horretarako, han eta hemen gizartean eragiten duten chefen istorio inspiratzaileak aurkezten ditu.

 

Munduko chef garrantzitsuenetako batzuek, akademikoek eta nazioarteko adituek osaturiko diziplinarteko epaimahai batek hautatzen du irabazlea. Urtero chef bat aukeratzen dute, zeinaren lanak sariaren espiritua islatzen baitu: gastronomiaren bidez gizartea eraldatzea. Irabazleak 100.000 € jasotzen ditu, gastronomiaren ahalmen biderkatzailea adierazten duen ekimen batera bideratzeko.

 

Izendapenetarako epea ireki da

 

Gastronomiako profesionalek eta erakundeek apirilaren 15a arte dute gastronomia aldaketaren eragile bihur daitekeela frogatzen duten chefak izendatzeko. Izendapenak Basque Culinary World Prizeren webgunearen bidez egin behar dira: www.basqueculinaryworldprize.com

 

Sari honek komunitate gastronomikoko ezagutza kolektiboarengana jotzen du munduko alde guztietako sukaldari profesionalak aurkitzeko, eta sektorean esperientzia profesionala duen edozein chefi zuzenduta dago, edozein dela ere haren kultura gastronomikoa, nazionalitatea edo ospea.

 

Izendapenen prozesua:

 

Izendapenerako aldia amaitu ondoren, Basque Culinary World Prizeko idazkaritzak hautagaiak aztertuko ditu. Idazkaritza hori sukaldaritzako akademikoek eta adituek osatuko dute.

 

Epaimahaia Perun bilduko da 2024ko ekainean, eta orduan hautatuko dute irabazlea. Haren izena, berriz, Liman (PUCP) jakinaraziko dute ekainaren 19an, jendearentzat irekita egongo den T’impuy izeneko ekitaldian. Diziplina anitzeko epaimahai batek hautatuko du irabazlea. Joan Roca (Espainia) buru dutela, munduko sukaldebururik garrantzitsuenetako batzuek osatuko dute epaimahaia: Pía León (Peru), Gastón Acurio (Peru), Dominique Crenn (Frantzia/AEB), Yoshihiro Narisawa (Japonia), Manu Buffara (Brasil), Josh Niland (Australia), Narda Lepes (Argentina), Thitid Tassanakajohn (Thailandia), Trine Hahnemann (Danimarka), Elena Reygadas (Mexiko) eta abar. 

 

Berme handiko saria:

 

Sariak eragin handia izan du; izan ere, aldaketaren abangoardian dauden chefen lana nabarmentzen du, eta profesionalen istorio inspiratzaileak ikusarazten ditu, beren ezagutzaren bidez hainbat arazori aurre egiten dietenak: klima-aldaketa, elikagaiak alferrik galtzea, biodibertsitatea, laguntza humanitarioa, gizarteratzea eta abar.

 

Ebru Baybara chef turkiarrak jaso zuen 2023ko Basque Culinary World Prize saria, gastronomiatik abiatuta Mardin-en (Siriarekiko mugatik gertu) integrazio kulturalean laguntzeagatik. Bi hamarkadatan, hainbat ekimenetan parte hartu du: eskualdeko migrazio-krisiari aurre egitetik hasi, eta lurzoruak klima-aldaketaren aurrean suspertzera, edo tragedien ondorengo laguntza humanitarioa eskaintzera, hala nola 2023ko otsailean Turkian izandako lurrikararen ondoren.

 

Aurreko edizioetan, munduko hainbat lekutako chefek irabazi dute saria: Fatmata Binta (Sierra Leona, 2022), Xanty Elías (Espainia, 2021), José Andrés (Espainia/AEB, 2020), Anthony Myint (AEB, 2019), Jock Zonfrillo (Australia, 2018), Leonor Espinosa (Kolonbia, 2017) eta María Fernanda di Giacobbe (Venezuela, 2016).



 

EDITOREENTZAKO OHARRAK: 

 

1.    Basque Culinary World Prize saria Eusko Jaurlaritzak eta Basque Culinary Centerrek ematen dute, Euskadi Basque Country estrategia integralaren barruan. Estrategia hori herrialde-marka bat da, eta, haren indarguneak eta berezitasunak abiapuntutzat hartuta, bikaintasunaren erreferentzia gisa kokatzen ari da lurraldea, bizi-kalitatearen eta gizarte-kohesioaren eredu gisa, eta lurralde berritzaile eta lehiakor gisa.

 

2.    Basque Culinary Center erakunde akademiko aitzindaria da mundu mailan, unibertsitateko hezkuntza ematen baitu, eta gastronomiaren potentziala garatzen hezkuntzari, ikerketari, berrikuntzari eta ekintzailetzari lotuta. 2009an sortu zen, Donostian, eta, orduz geroztik, sektorea profesionalizatzen laguntzen duen diziplinarteko espazio bat sortzera bideratu ditu ahaleginak. Sortu zenetik, erakundeak ekimen eta proiektu ugariren bidez garatu du gastronomiaz duen 360°-ko ikuspegia. Aurten, izandako lorpenak eta erakundearen balioetan oinarritutako etorkizuneko erronkak ospatuko dira: grina, bikaintasuna, berrikuntza eta gizarte-konpromisoa.

 

3.    2024ko otsaila eta maiatza bitartean izango dute aukera ekimen eraldatzaileak dituzten chefak izendatzeko gastronomiaren sektoreko profesionalek, erakundeek eta adituek; gainera, barnean ere izendapenak bilatzeko eta egiaztatzeko prozesu bat jarriko da abian.

 

4.    2023an Ebru Baybarak jaso zuen BCWP saria, gastronomiaren bidez kultura-integrazioan laguntzeagatik, gizarte-garapenaren eta biodibertsitatearen aldeko apustua eginez; 2022an Fatmata Bintak irabazi zuen, Afrikako tribu nomada handienaren sukaldaritza-kulturan dagoen potentzialaren inguruan egiten duen dibulgazio- eta garapen-lanagatik; 2021ean, Xanty Elíasek irabazi zuen Basque Culinary World Prize, haurren elikadura-hezkuntzan eragiteagatik, “Haurrek etorkizuna jaten dute” ekimenaren bidez; 2020an, José Andrés chefak eskuratu zuen saria, World Central Kitchen-en bidez COVID-19ak sortutako krisiari erantzun sendo, global eta iradokitzailea emateagatik; 2019an, Anthony Myint saritu zuten, gastronomia klima-aldaketari aurre egiteko motor gisa erabiltzeagatik; 2018an, Jock Zonfrillo chef eskoziarrak jaso zuen, Australiako jatorrizko herrien elikadura-oroimena babesteagatik, eta antzinako kultura hori aurkitzeko eta aldarrikatzeko lanari ekiteagatik; 2017an, Leonor Espinosa chef kolonbiarrari eman zioten saria, Funleoren bitartez Kolonbiako herrien antzinako jakintza aldarrikatzeagatik. Lehenengo urtean, María Fernanda di Giacobbe (2016) chef venezuelarrari eta hezkuntzan, ekintzailetzan, ikerketan eta garapenean oinarritutako haren ekimenari eman zioten BCWP saria. Ekimenak kakaoa du ardatz, Venezuelako nortasunaren, kulturaren eta aberastasun ekonomikoaren iturri gisa.

 

5.    Informazio gehiago: www.basqueculinaryworldprize.com

Desarrollado por: GureMedia