Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan


Nabigazio-menura joan

HOST batzarrak bere 5. edizioa egingo du, «Pertsonek osatutako jangela bat» lelopean, jangelako jardunbide onenak eta joera berriak erakusteko

17 Urria 2019

Pertsonen kudeaketa erronka handia da jatetxeen eta zerbitzuen sektorean, jatetxeek aurrera egiteko motorra baitira. Baina, nola atera pertsonen alderik onena? Nola sor ditzakegu lantalde errazak? Adimen artifiziala gai da gu ordezteko? Jangelako eta zerbitzuko garaiak aldatzen ari direnez, HOST «Jangelako eta zerbitzuko joerak eta berrikuntza» batzarrak, «Pertsonek osatutako jangela bat» lelopean, aipatutako gaiak eta beste batzuk aztertuko ditu azaroaren 11n eta 12an, sektoreko profesionalekin eta hainbat diziplinatako adituekin.

HITZALDIAK ETA LANTEGIAK

Batzarraren bosgarren edizioak sektorean egon diren aldaketak aztertuko ditu, eta pertsonen kudeaketara ongi egokitzeko gakoak emango ditu. Horretarako, hitzaldiak, mahai-inguruak eta lantegiak egingo dira. Formatuak hizketa sustatzeko eta ideiak trukatzeko pentsatuta daude.

Batzarrari hasiera emateko, «Beste diziplina batzuetatik ikasten» ekintzan parte hartuko dute Luis Castellanosek (Filosofia Puruan doktorea eta ikertzailea, hizkuntza positiboaren arloko aditua), Nerea Urcolak (psikologoa eta prestatzailea) eta Inma Puigek (taldeen prestakuntzan, ikerketan eta garapenean aditua), jangela filosofiaren, psikologiaren eta taldeen kudeaketaren ikuspegitik aztertzeko.

Bestalde, Juan Apresak (talentuaren kudeaketan eta erakundeen transformazio kulturalean aditua), Paloma Fuentesek (diseinuan, kudeaketan eta garapenean aditua) eta Jesús Alcobak (Madrilgo La Salle International Graduate School of Businesseko zuzendaria) espazio gastronomikoetako jokabidea aztertuko dute, «barne-bezerotik kanpo-bezerora».

«Buruz buruz» izeneko lantegietan, parte-hartzaileek beraien interesetara hoberen egokitzen diren gaiak hautatuko dituzte, eta jangelaren ikuspegia partekatu ahalko dute, honako gai hauei dagokienez: talentuaren kudeaketa integrala, hizkuntzaren garrantzia, esperientzien diseinu-probaldia eta jangelaren etorkizuna eta sektorean teknologia txertatzea.

Bigarren jardunaldian, gai ugariren inguruan duten iritzia emango dute nazioarteko hizlariek. Horren adibide dira Trine Hahnemann (Hahnemanns Køkken jatetxearen jabea, chefa eta idazlea, eta Basque Culinary Centerreko Nazioarteko Aholku Batzordeko kidea), etorkizuneko lidergorako gakoak emango dituena (What does leadership need to look like in the future?), eta Giovanni Coucci, La lanterna di Diogene jatetxearen arima, Inspiratzen duten jatetxeak: konpromiso soziala duen nortasuna hitzaldia emango duena.

Azkenik, «Gastronomiaren profesional handiengandik ikasten» atalean, Enrique Lezcano Meliá Hotels enpresako F&B zuzendari korporatiboak, Carlos Pérez FoodBox taldeko kide, sortzaile –beste batzuekin batera– eta presidente exekutiboak eta Telmo Rodríguez ardogintzaren alorreko enpresaburuak Begirada bat jatetxeko taldeei: pertsonak eta lantaldeak mahai-ingurua eta Produktuaren balioa pertsonen bidez hitzaldia eskainiko dituzte.

HOST AWARDS

Berritasun gisa, HOST batzarraren V. edizio honetan, Basque Culinary Centerrek HOST Awards sariak emango ditu. Estatuan parekorik ez duten sarion lehen edizioa da, eta helburu dute jangelari eta zerbitzuari profesionaltasuna eta lehiakortasuna ematea. Horretarako, jangelan, zerbitzuan eta bezeroen arretan inspiratzaileak eta/edo eraldatzaileak diren proiektuak edo pertsonen lorpenak aitortuko dira.

HOST Awards sariek zazpi kategoria dituzte: URTEKO ANFITRIOIA, jangelako zuzendari baten lan ona aitortzekoa; ESPERIENTZIA ARDOETAN ETA EDARIETAN, jatetxeko bezeroen esperientzian edariak hoberen txertatu dituen profesionala saritzekoa; JANGELAKO ESPAZIOAREN DISEINUA, DEKORAZIOA ETA GIROTZEA, jatetxeei zuzendutakoa; JANGELAREN MUNDUA ZABALTZEA, idazle bat eta/edo kazetari bat saritzekoa, komunikabideetan jangelaren mundua zabaltzen egin duen ekarpenagatik; PROIEKTU INSPIRATZAILEA, proiektu, ekintza edo pertsona bat baloratzekoa, jangelan status quoari dagokionez aldaketaren bat egin izanagatik; eta IBILBIDE PROFESIONALA, jangelan urte luzez lan egin dutenak saritzekoa (jangela-zuzendariak, sommelierrak, zerbitzariak, etab.).

Ekitaldiaren babesle nagusia Mahou San Miguel da, eta laguntzaile hauek ditu: Arcos, Cafés Baqué, «Cava» Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailea, Iberia eta Bodegas Valdemar SA.

Informazio gehiago izateko eta izena emateko: http://www.bcchost.com/eu/2019/home

Desarrollado por: www.dedomultimedia.com