Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Hizkuntza aukera

  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • Whatsapp

Nabigazio-menura joan

EDA Drinks & Wine Campusen egoitzak egiteko diseinu arkitektonikoko lehiaketa abiarazi du Basque Culinary Centerrek

03 Urtarrila 2024

EDA Drinks & Wine Campusa egiteko diseinu arkitektonikoko lehiaketa publikatu du Basque Culinary Centerrek, Gasteizko eta Guardiako eraikinak egiteko soluzioak ematen dituzten proposamen onenak hautatzeko, betiere jasangarritasunaren, funtzionaltasunaren, teknologiaren, ingurumenaren eta estetikaren ikuspegietatik.

 

Nazioarteko arkitektura-lehiaketa ireki bat da, eta haren helburua da proposamen arkitektoniko bakar bat hautatzea, bi egoitzak ikuspegi eta kontzeptu berean barne hartuko dituena, proiektuaren ikuspuntuarekin bat etorriko dena eta lurraldean erreferente izango diren espazioak ekarriko dituena.

 

Arkitektura-proiektuek talentua, ekintzailetza, ikerketa eta berrikuntza erakarriko dituzten espazio ireki eta bereziak sortu beharko dituzte. Jasangarritasuna izango da bi eraikinek bete beharreko balio eta irizpide nagusietako bat. Gainera, hiri- eta landa-paisaian modu organikoan eta, batez ere, zuzeneko ingurunean parte hartuz integratu beharko dute.

 

Lehiaketaren xedea da, halaber, EDAk Araba eta Euskadi edarien alorrean eskualde gailen gisa posizionatzeko duen ikuspegia gauzatuko duten diseinu arkitektoniko bikainak hautatzea.

 

EDA Drinks & Wine Campusen egoitzak, ikerketa aurreraturako toki izateaz gainera, berrikuntzaren eta jasangarritasunaren ikono ere izango dira. Guardiako egoitza Ardoaren Etxetik gertu dagoen gune batean kokatuko da, 4.000 m2-ko lursail batean. Eraikin berriak 2.500 m2 izango ditu. EDAren Gasteizko egoitzak 8.610 m2 izango ditu, eta Lakua auzoan egongo da, autobus-geltokiaren ondoan (Eusko Jarlaritza parean).

 

Mundu guztiko arkitektura-estudioek eta diseinu-ekipoek har dezakete parte lehiaketan. Bikaintasun akademikoa, berrikuntza eta jasangarritasunarekiko konpromisoa bateratuko dituen abangoardiako espazio bat sortzen laguntzeko aukera paregabea izango da erronka handi honetan parte hartzea.

 

 

FASEAK

 

Lehiaketa urtarrilaren 3an irekiko da ofizialki, Euskadiko kontratatzailearen profilean eta Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratzearekin batera. Prozesuaren amaierarako, EDAren nortasun arkitektonikoari forma emango dioten 3 estudio finalista hautatuko dira. Lehenengo fasean, merituak ebaluatuko dira; arkitektura-estudioek hilabete inguruko epea izango dute beren erreferentziak aurkezteko.

 

Lehiaketako epaimahaia epe hori itxi eta hurrengo bi egunetan eratuko da, eta kide hauek osatuko dute: Basque Culinary Center ordezkaritzapeko presidente bat, EDAren izenean, idazkari nagusi bat, bi arkitekto independente eta erakunde parte-hartzaile bakoitzeko ordezkari tekniko bat (Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, Guardiako Udala eta Gasteizko Udala). 
 

Prozesu horretan, lehiaketako oinarrietan definitutako irizpideen arabera, epaimahaiak hautagai finalisten lehen aukeraketa bat egingo du. Horretarako, kontuan izango ditu curriculumen ebaluazioa, batetik, eta esperimentaziorako, ikerketarako, garapen teknologikorako eta irakaskuntzarako espazioak dituzten eta jasangarritasuna eta paisajismoa funtsezko balio dituzten berrikuntzaren garapenera bideratutako eraikin berrien eraikuntza-proiektuei buruzko erreferentzia ziurtatuak, bestetik. Halaber, kontuan izango dira bestelako faktore batzuk, hala nola inguruneetara moldatzeko modua, estudioaren laneko filosofia eta gastronomiaren eta edarien sektoreari lotutako eraikinen diseinuan duten esperientzia.

 

Epaimahaiak hilabeteko epean emango du hiru estudio finalisten berri, hura eratzen denetik zenbatzen hasita. Instantzia horretan, bi egoitzak diseinatzeko eta beharren programa eta betekizun urbanistikoak jasoko dituzte, eta gutxienez bisita tekniko bat egin beharko dute kokapenetara, proposamenak prestatu aurretik.

 

Esleipen-prozesuaren bigarren fase horretan, besteak beste, irizpide hauek hartuko dira kontuan diseinuak hautatzeko garaian: soluzio arkitektonikoa, premien programarentzako erantzuna, esku-hartze urbanistikoa, ingurunean integratzeko modua, kostuen azterketa, kronogramarekiko egokitzea, eraginkortasun energetikoa eta diseinuaren berezitasuna. Gainera, Basque Culinary Centerren ekosistema guztiarekiko koherentzia ere izan beharko dute.

 

Hiru estudio finalistek bi hilabete izango dituzte beren proposamena aurkezteko. Izengoitia erabili beharko dute, hautaketa-prozesuan inpartzialtasuna bermatzeko eta egilearen trazabilitatea saihesteko.

 

Aurkeztutako proposamenak aztertuko ditu epaimahaiak, eta lehenago adierazitako irizpideen arabera (argitaratutako oinarrietan ikus daitezke) puntuatuko ditu. Proposamen irabazle bat eta bi finalista hautatuko ditu; bi finalistek accesita lortuko dute.

 

2024ko martxoan iragarriko da estudio eta proposamen irabazlea: une garrantzitsua izango da EDA Drinks & Wine Campusen garapenean.

 

Lehiaketari buruzko xehetasun gehigarriak, eskakizunak, baldintza-orriak eta data garrantzitsuak herritarren eskura daude Kontratazio Publikoa Euskadin plataforman.

Desarrollado por: GureMedia