Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Hizkuntza aukera

  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • Whatsapp

Nabigazio-menura joan

MTEren eta Basque Culinary Centerren Turismo Gastronomikoaren III Mundu Foroaren aurkezpena

22 Otsaila 2017

Basque Culinary Centerrek eta Munduko Turismo Erakundeak (MTE) bultzatu dute turismo gastronomikoari buruzko foro hau. Maiatzaren 8an eta 9an egingo da Basque Culinary Centerren, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren laguntzaz eta Espainiako Turismoko Estatu Idazkaritzaren babespean.

Foroaren helburua turismo gastronomikoaren arloko munduko aditu garrantzitsuenekin sektorearen gaur egungo egoeraz eta erronkez hausnartzea da eta lehenengo foroa ere Donostian egin zen, duela bi urte. 2017a Garapenerako Turismo Jasangarriaren Nazioarteko Urtea dela-eta, hirugarren foro honetako haria turismo gastronomikoaren eta jasangarritasunaren arteko lotura izango da.

MTEren Turismo Gastronomikoaren III. Mundu Foroa maiatzaren 8an eta 9an egingo da, Basque Culinary Centerren egoitzan, Donostian.  Sektorearen garapenean laguntzeko eta mundu osoko esperientziak partekatzeko plataforma bat izateko helburuarekin, Foroak gastronomiaren eta turismoaren arloetako nazioarteko erreferenteak bilduko ditu.

Hala, Donostian bigarren aldiz egingo da foroa, lehenengoa egiteko ere hiri hau aukeratu baitzuten; bigarrena, berriz, Liman egin zen (Peru), iaz. Aurten, foroa Donostiara itzuliko da –bi urtean behin bertan egingo da–, eta hala, indartzen ari den sektore honetako munduko foku bihurtuko da. Oraingoan, foroaren haria turismo gastronomikoaren eta jasangarritasunaren arteko lotura izango da. Gai hori 2017ko Garapenerako Turismo Jasangarriaren Nazioarteko Urtearen barruan kokatuta dago. «2017ko Garapenerako Turismo Jasangarriaren Nazioarteko Urtea aukera berdingabea da, sektorean praktika arduratsuagoetaranzko pausoak emateko ez ezik, bere askotariko alderdiek –gastronomia, kultura, negozioetako turismoa, landa-turismoa edo kirol-turismoa, besteak beste– turismoa arduratsuago izateko egin dezaketen ekarpena nabarmentzeko», adierazi du MTEko Kideen zuzendari Yolanda Perdomok.

Gastronomia eta turismoa elkar indartzen duten aliatu naturalak dira. Euskadi, Gipuzkoa eta Donostiarentzat turismo gastronomikoa funtsezkoa da. Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusi Joxe Mari Aizegaren hitzetan, «turismo gastronomikoa hazten ari den fenomeno bat da eta gure helburua esperientziak partekatu, hausnartu, aztertu eta lan egiteko espazio bat sortzea da, turismoaren gastronomia arloa hobetzearren». Hain zuzen ere, Euskadira bertako gastronomia ezagutzera etortzen den turistak egunean 102,50 euro gastatzen ditu. Eusko Jaurlaritzaren arabera, gainera, gastronomia da turistek Euskal Autonomia Erkidegoa bisitatu ondoren nabarmentzen duten lehenengo gauza eta bisitariek eskualde hau helmuga gisa aukeratzeko bigarren arrazoia bihurtu da.

Hizlariak

Donostian, turismo gastronomikoaren arloko nazioarteko hainbat adituk sektoreko azken joerei buruz eztabaidatuko dute eta kasu errealen azterketak partekatuko dituzte. Horrela, foroaren bidez, turismo sektoreak jakintzaren askotariko esparruetan gaur egun duen egoerari eta erronkei buruz eztabaidatu nahi da turismo gastronomikoaren arloko munduko aditu esanguratsuenekin, jasangarritasuna ardatz dela. Landuko dituzten gaietako batzuk «lurretik mahairako» prozesuak, produktu jasangarrien garapena, arrakasta dakarten politika publikoak eta turismo gastronomikoaren onurak dira. Hori guztia, sektorearen garapen profesionala bultzatzeko, esperientziak elkartrukatzeko eta munduko jardunbide egokiak identifikatzeko asmoz. Parte-hartzaileen artean honakoak daude: Ben Weyts, Belgikako Flandria eskualdeko Mugikortasun, Herri Lan, Vlaamse Rand eta Animalien Ongizateko ministroa; Dave Randle, WHALE Centerreko presidentea eta CEOa eta Hego Floridako Unibertsitateko Turismo Jasangarriko Programako irakaslea; Roberta Garibaldi, CesTIT Turismo eta Lurraldearen Interpretazioko Ikasketa Zentroko zuzendaria; Anne-Mette Hjalager, Hego Danimarkako Unibertsitateko irakaslea; eta Octavi Bono, Kataluniako Turismo Agentziako zuzendaria.

Hitzaldiak osatzeko, tailer praktikoak egingo dira. Horien bitartez, foroko parte-hartzaileek Donostiako, Goierriko eta Gipuzkoako mendebalde eta ekialdeko kostaldeko turismo gastronomiko jasangarriko proiektuak, Sagardoaren Ibilbidea eta Arabar Errioxa bisitatzeko eta ondoren horretaz eztabaidatzeko aukera izango dute.

 

Desarrollado por: GureMedia