18 Abendua 2018
Gaur jakinarazi dute Donostian ospatuko dela TMEaren Turismo Gastronomikoaren Munduko Foroaren V. edizioa. TMEak eta Basque Culinary Centerrek (TMEren kidea) antolatuko dute foroa.
Ekitaldiak salto handia eman du aurten Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioaren, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren babesari esker. Kursaal Kongresu Jauregian izango da, maiatzaren 2an eta 3an.
TMEaren foroa 2015ean sortu zen, eta bi urtean behin Basque Culinary Centerrek antolatzen du. Edizio honetako ardatzak lan-sorrera eta ekintzailetzaren sustapena izango dira, Garapen Iraunkorrerako Helburuekin (GIH) bat etorriz. Izan ere, turismoa lan-iturri garrantzitsua da, beste sektore batzuk ere eragiten dituena (besteak beste, gastronomikoa).
Foroaren Helburua
Donostia egoitza moduan hirugarrenez aukeratu izanak agerian uzten du hiriaren apustu turistiko-gastronomikoaren nazioarteko arrakasta. Hainbat herrialdetako adituek hitzaldiak emango dituzte, eta turismo gastronomikoaren sektoreak orainaldiari eta etorkizunari begira eskatzen dituen ezagutza eta trebetasunak aztertuko dira. Horrez gain, ekintzailetza sustatzeko testuinguruaren sorreran egon diren aurrerapenak azalduko dira, turismo gastronomikoaren balio-katea osatzen duten startup-ak eta ekosistemak lotuz.
Alde horretatik, foroan turismo gastronomikoko startup-en Lehen Munduko Txapelketako irabazlea jakinaraziko da. TMEaren eta Basque Culinary Centerren ekimena da, etorkizun hurbilean turismo gastronomikoaren sektorea eraldatuko duten proiektuak atzematea helburu duena.
Turista gastronomikoaren beharrei erantzuteko gaitasunak zein diren argitzeaz gain, foroari esker ekintzailetza sustatuko duten inguruneak sortuko dira, enpresa berriak harremanetan jarriko dira eta baztertutako taldeak lan-merkatuan integratuko dira. Sektorearen digitalizazioa ere landuko da foroan, eta enpresei ematen dizkien aukerak aztertuko dituzte.
TMEaren Turismo Gastronomikoaren Munduko Foroa turismoaren eta gastronomiaren sektoretako adituen arteko esperientzia-trukea sustatzeko helburuarekin sortu zen, praktika onak hautemateko eta turismo gastronomikoa herrialdeen garapen-faktore moduan bultzatzeko. Azken urteetan, kultura ezinbesteko elementua bihurtu da lurralde bateko kultura eta bizimodua ezagutzeko. Donostian bi aldiz ospatu ondoren, Peru eta Tailandian ere antolatu zuten foroa. Oraingoan, jaioterrira itzuliko da, erakundeen babes eta sustapenari esker.