Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Hizkuntza aukera

  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • Whatsapp

Nabigazio-menura joan

Basque Culinary Centerrek «Abegi oneko janaria» («Comida que acoge») gastronomia-gailurra aurkeztu du, eta Gironan 2022ko ekainean egingo da

03 Maiatza 2022

Basque Culinary Centerren Nazioarteko Kontseilua, mundu zabalean eragin handiena duten chef garrantzitsuenetako batzuek osatua, aurrez aurre elkartuko da berriro Gastronomiaren Gailur batean. Gironan egingo da ekitaldia , ekainaren 19tik 21era bitartean, eta «Abegi oneko janaria» (Comida que acoge) izango du lelo.

 

Joan Roca izango da topaketako anfitrioia, Basque Culinary Centerreko presidentea eta  hiru Michelin izar dituen El Celler de Can Roca jatetxeko sukaldariburua. Gastronomiaren alderdi batzuk eta besteak kontuan hartuta, gogoetak eta ikuspegiak trukatuko dituzte think tank horretan, eta esku hartuko duten protagonisten artean ageri dira, besteak beste, Gastón Acurio (Peru), Dominique Crenn (Frantzia/AEB), Massimo Bottura (Italia), Michel Bras (Frantzia), Mauro Colagreco (Argentina/Frantzia) eta Trine Hahnemann (Danimarka), seiak ere Basque Culinary Centerren Nazioarteko Kontseiluko kideak. Girona gastronomiaren ikuspegi garaikidea eta lurraldean errotutako proposamen abangoardistak uztartzen dituen tokia da. Lurralde horrek ezin hobeto sinbolizatzen ditu etorkizuna eta sektoreak une honetan behar duen indar positiboa.

 

Bi urtez kontseilua aurrez aurre elkartu gabe egon ondoren –pandemia dela eta–, Basque Culinary Center indartsu bueltatu da goi-mailako gogoeta sustatzeko gailur batekin, eta, haren bidez, ikuspegi sortzaile batez helduko zaie sektorearen erronkei eta aukerei. Gaur egun bizi dugunaren tankerako une batean –krisiak astinduta bai, baina aukera ugariz beteta, apustu egiteko eta ekiteko adorerik dutenentzat–, «Abegi oneko janaria» gailurrak zenbait gako partekatuko ditu, gastronomia harrera-gune dinamiko gisa ikusteko: joerak, sormena eta berrikuntza ulertzeko moduak, lurraldea interpretatzeko erak, eta, orobat, beste kultura, nortasun eta audientzia batzuekin elikatzeko eta elkarrizketan aritzeko bideak. 

 

Gailurra ekainaren 19tik 21era izango da Gironan, eta bertan hainbat jarduera eskainiko dira. 3 egunetan zehar, kontseiluko bilera, proiektu eta jatetxe ezberdinetara bisitak, eta irekian eskainiko den hausnarketari irekitako jardunaldi bat burutuko dira. Azken honetan, aztertuko dute zer dinamizazio-gaitasun dituen sukaldaritzak, mahai baten inguruan, inspirazio-iturri berriak beharrezkoak diren garaiotan, jakinik premiazkoak direla adierazpide berriak eta bestelako moldeak gure garaiotako eraldaketak integratzeko, hala nola ingurumenarekin loturikoak, ekonomikoak eta kulturalak. Topaketa horretan, ekosistema gastronomikoaren lehen mailako eragileek (sukaldariburuak, hedabideak eta adituak) gastronomia sektore estrategiko gisa sustatzeko ikuspegiak eta hausnarketak partekatuko dituzte.

 

Munduko txoko guztietatik etorritako adituak orpoz orpo arituko dira lanean gastronomiaren balio-kateko eragileekin: guztiak ere lan eta lan ari dira, lurraldean ereindako bokazio atzeraezinekin, etorkizunera irekitako apetituarekin, eta, oso bereziki, sektore hau garatzera bideraturiko jardunbide egokiekin.

 

Horien artean ageri dira nazioarteko chef aintzatetsiak, hala nola Michel Bras (Frantzia), Gastón Acurio (Peru), Fina Puigdeval (Espainia), eta Trine Hahnemann (Danimarka); sukaldari itzaltsuen belaunaldi berri baten ordezkariak, hala nola Manu Buffara (Brasil), eta baita beste esparru batzuetako pertsonaiak eta adituak ere.

 

Guztiak ere ahaleginduko dira ikusleekin batera kezkak, kontzientzia, ikaskuntzak eta irakurketa alternatiboak jorratzen, bai eta gastronomian laguntzeko gogoz murgiltzen direnak inspiratzen ere. Horretarako, gaur egun gastronomia-sektoreko berrikuntza ulertzeko modu berriak azalduko dituzte; diskurtsoak dibertsifikatzeaz gainera, taldea eta talentua kudeatzeko eredu berrien oinarri gisa balio duten sukaldaritza-formatu berriak zabalduko dituzte, eboluzionatzeko deia eginez eredu horiekin; jatetxetik haratago doazen gizarte-dinamikak erakutsiko dituzte, mahai baten atzean dauden konpromisoari eta errealitateei buruzko informazio gehiago ematen dutenak; erakutsiko dute norantz doan jatetxeetako ekintzailetza eta zerk elikatzen duen hazteko eta proposamenak zabaltzeko baliatzen duten bokazio hori; eta adieraziko dute behar-beharrezkoa dela jasangarritasuna errentagarri bilakatzea gastronomian.

 

Horretaz gainera, jardunaldiko “plater nagusia” Mas Marroch jatetxean eskainiko den lunch bat izango da. Tokiko ekoizleen produktuekin prestatuko dute otordu hori, eta Girona aldeko sukaldaritzaren tradizioa, jatorria eta jasangarritasuna nabarmentzea izango da xedea. Esperientzia gastronomiko horren bidez, orobat, ikuspegiak partekatzen jarraitzeko dinamika partizipatiboak sortuko dituzte ere. 

 

Gogoeta-jardunaldian edonork parte hartu ahal izango du, doan, eta maiatzaren 3an irekiko dute izena emateko epea, harik eta plaza guztiak agortu arte (izena emateko ataria: https://girona2022.bculinary.com/). Programa, izen-ematea eta edukiei buruzko berriak gune digital horretan eguneratuko dira eta parte hartzen duten erakundeen sare sozialetan jakinaraziko dira.

 

Basque Culinary Centerreko zuzendari Joxe Mari Aizegak Gironako Diputazioan eginiko aurkezpen-ekitaldian azaldu duenez, «Basque Culinary Centerreko Nazioarteko Kontseilua, eragin eta itzal handiko sukaldariburu ameslari eta ekintzailez osatua, lagun izan dugu hasiera-hasieratik, eta hausnarketak eta ideiak ekarri dizkigu. Bi urtez gure urteroko hitzordurako fisikoki elkartzerik izan ez dugun arren, aurten berriro bilduko da kontseilua hemen, Gironan, Joan Roca Kontseiluko presidenteak gidaturik, eta munduko bazter ugaritako sukaldariak erakarriko, elkartuko eta gonbidatuko ditu, ekarpenak egin ditzaten gastronomiak dituen erronken eta aukeren inguruan. Gailur honetan, gainera, gogoeta-jardunaldi bat ere egingo da, eta Basque Culinary Centerren helburua da  gastronomia garatzeko eta ulertzeko hainbat modu sustatzea, eta, era berean, gaur egungo egoeran sukaldaritza gizartea eraldatzeko tresna baliotsua izan daitekeela nabarmentzea».

Bestalde, Kontseiluko presidente eta topaketaren anfitrioi Joan Rocak adierazi duenez, «7 urte dira Basque Culinary Centerreko Nazioarteko Kontseiluko presidente naizenetik, eta  oso pozik hartzen dut aurtengo topaketa hau Gironan. Hitzordu hau gogoetarako gune izatea nahi dugu, iraunkortasunaren inguruan jorratzeko eta gastronomiaren etorkizuna nolakoa izatea nahi dugun hausnartzeko ere. Lurralde hau oso abegikorra eta gastronomikoki aberatsa da, eta sektorearekin oso konprometitua dago. Ongi etorriak Gironara!».

Gainera, Gironako Diputazioko eta Costa Brava Gironako Turismo Patronatuko presidente Miquel Noguerrek aitortu duenez, «Harro egoteko modukoa da Gironarentzat eta Costa Bravarentzat ekitaldi profesional hau hartzea, eta aukera bikaina da gure posizionamendua indartzeko munduko jomuga gastronomikoen nazioarteko zirkuituaren barruan. Era berean, aparteko aukeratzat dugu bertako produktuaren kalitate bikaina are gehiago ezagutarazteko , eta Gironako sukaldaritza nazioartean izen handia duten chefen eta preskribatzaileen artean proiektatzen jarraitzeko».

 

Kataluniako Turismo Agentziaren zuzendari Narcís Ferrerrek adierazi duenez, «Kataluniako Turismo Agentziak beti babestu ditu mundu zabalera begirako ekitaldiak antolatzeko gure jomugak hautatzen dituzten erakundeak. Aukera paregabea dugu munduko sukaldari onenak elkartzeko eta interes handiko gaiak jorratuko dituzten kazetari espezializatuak gurera ekartzeko. Baina, horretaz gainera, Katalunian barrena ibiliko dira, eta, gure gastronomia eta produktuak ezagutzeaz aparte, nazioartean zabalduko dituzte. Hori guztiz bat dator Kataluniako Gobernuaren planteamenduarekin; izan ere, hurrengo urteetan turismoa sustatzeko trakzio-eragileen artean posizionatu nahi du turismo enogastromikoa».

 

 

2022an, Basque Culinary Centerrek Nazioarteko Kontseiluaren hamabigarren urteko bilera egingo du testuinguru apartekoan. Hori horrela, jarraipena izango dute aurretik hamarkada oso batez Tokion, New Yorken, Liman, Mexiko Hirian, Modenan, San Franciscon eta erreferentziazko beste jomuga gastronomiko batzuetan eginiko bilerek eta ekitaldiek, eta jarraipena izango dute, orobat, sektoreko adituek diziplinarteko ikuspegiarekin izaniko eztabaidek, guztia ere jasangarritasuna, biodibertsitatea eta gastronomia-sektorearen eraldaketa hizpide dituzten jardunaldien bidez.

Desarrollado por: GureMedia