Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan


Nabigazio-menura joan

2019ko Sukaldeko Solasaldiak: nazioarteko adituak, gastronomia nondik datorren eta nora doan aztertzen

25 Otsaila 2019

Mugaritzek, Euro-Toquesek eta Basque Culinary Centerrek sustatzen duten Sukaldeko Solasaldiak ekitaldi honen zazpigarren edizioak diziplinarteko bilgune bat prestatuko du, gaur egun munduko sukaldeak astintzen dituenari eta janaria elikagai hutsa ez dela pentsatzen dutenak liluratzen dituenari buruz hausnartzeko. Horretarako, mundu zabaleko nazioarteko adituak bilduko ditu Donostian, martxoaren 10etik 12ra. Janariak burua galtzera eraman gaitzake? Jaten dugunean, benetan zer jaten dugu? Nork kozinatzen du oraindik? Eta nola? Zer dakarte millennial-ek beren motxilan? Horiek izango dira ahora eramaten dugun horren eta mokadu baten atzean dagoenaren inguruan ditugun ikuspegi ugarien arteko truke- eta elkarrizketa-espazioak sortzera eta «Jatera!» gonbidatuko gaituen ekitaldi honetako galdera irekietako batzuk.

Hizlariak, diziplina anitzetakoak, hogei herrialdetatik baino gehiagotatik etorriko dira, eta Basque Culinary Centerreko auditoriumera joango dira (tokia mugatua da), debateei eta dinamikei bide emateko. Sukaldeko Solasaldiak ekitaldiaren buru Andoni Luis Adurizen arabera, horren helburu nagusia hau izango da: «Buruari eragitea, egokitu zaigun garaia irenstea eta sormenez bizitzea sektore gisa aurrera egiten jarraitu ahal izateko espazioetan; eta, horretarako, gogoeta eta trukea ez ezik, konplizitatea eta festa nagusituko diren hiru egun biziko ekitaldian partekatuko diren testigantzez elikatu behar gara».

2019ko Sukaldeko Solasaldiak ekitaldian honako hauek izango dira, besteak beste: Carlo Petrini, Slow Food mugimenduaren fundatzailea; JR argazkilari frantsesa, Inside Out Project proiektuaren sortzailea (2018ko Oscarretarako izendatua, Agnès Vardarekin batera); Bela Gil aktibista brasildarra; Mariela Michelena psikoanalista, Mujeres malqueridas liburuaren egilea; Pep Gatell sortzailea (La Fura dels Baus); Mikel López Iturriaga, El Comidista ezizenez ezaguna; Mariola Cubells kazetaria; Pau Arenós kazetari eta idazlea; JM Mullet ikertzailea, eta Cristina Reni, Food for Soul proiektuan Massimo Botturaren kide dena. Horiez gain, hainbat chef izango dira ekitaldian, hala nola Begoña Rodrigo (La Salita), Diego Guerrero (DSTAgE) eta Pepe Solla (Casa Solla); Enrique Olvera (Pujol) eta Tomás Bermudez (La Docena) mexikarrak; Tomas Kalika (Mishiguene) argentinarra, eta Renzo Garibaldi (Osso) perutarra.

Arroza ondo prestatzea dirudien bezain erraza da? Gaur egun, zer dakar berekin guztia utzi eta jakatxoa edo mantala jartzea eskatzen duen lanbidean jarduteak? Zer lotura dago elikaduraren eta klima-aldaketaren artean? Zergatik da hain handia, oraindik, generoen arteko aldea sukaldaritzan? Hainbeste lekutan nagusitzen diren testuinguru politizatuetan eta polarizatuetan, sukaldaritzak alde baten edo bestearen alde agertu behar du? Horrelako galderek osatuko dute Sukaldeko Solasaldiak ekitaldiaren programa, non aztertuko baita zer maiztasunez izan daitekeen aldaketa-eragile eta fenomeno biderkatzaile sukaldaritzak izan duena bezalako boom bat. 

Sukaldeko Solasaldien gozagarria

«Con las manos en la masa» (Saltsa prestatzen!) herritar guztientzako elkarrizketa informalak Sukaldeko Solasaldiak ekitaldiko motorrak berotzeko balioko du (martxoaren 10ean, igandea, Donostiako Convent Gardenen). Begoña Rodrigok, Andoni Luis Adurizek eta Diego Guerrerok parte hartuko dute elkarrizketan, eta Espainiako sukaldari onenetako batzuen bene-benetako istorioak entzun ahalko dira. Martxoaren 11n eta 12an Basque Culinary Centerren egingo den hitzaldiz betetako ekitaldiari amaiera emateko, bi mundutako (Espainia eta Latinoamerika) onena elkartuko duen jai handi bat egingo da. Sukaldeko Solasaldiak ekitaldiko lantaldeko sukaldariak denak emanda ibiliko dira, Tomasitok eta beste musikari batzuek animatuta.

Sukaldeko Solasaldiek erakutsiko dute gastronomia-kongresuak bizi-bizirik daudela. Eskemak apurtuko ditu, eta sorpresa ugari baliatuko. Bertaratzen direnek baino ez dute jakingo zer dagoen benetan sukaldean 2019ko edizio honetan.

Ekitaldiaren webgunean zuzenean eman daiteke izena (azken tokiak geratzen dira): www.dialogosdecocina.com

Desarrollado por: www.dedomultimedia.com